

Donostiako Zurriolako Antzerki eskola, Lasarte-Oriako Landaberriko(Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”) eta Bilboko Kafe Antzokia antzerki eskoletan zenbait urte daramate antzerkizaletasuna euskaraz haur, gazte zein helduengan lantzen. Ondorioz Antzerkizaleen Elkartea sortzeko asmoz 2008ko uztailaren 2rako deialdi zabal bat egin zioten euskal antzergintzan aritzen direnei. Beraien deialdia honakoa izan zen:
Jakitun gara jende asko, bakarka edo taldeka, ari dela ildo honetan lan eta lan Euskal Herri osoan. Ez dugu elkarren arteko ezagutzarik, ondorioz, ezta elkarren arteko koordinaziorik ere.
Euskal Herriko historian zehar, interpretazio era ezberdinak erabili dira egoerak adierazteko, sentimenduak azalarazteko edota gorputzaren barneko indarra eta nahia kanporatzeko; alegia, gure herrian aspalditik antzerkia egin dugu eta egiten jarraitzen dugu.
Leku, txoko eta espazio askotan, adin tarte ezberdinetako pertsonak eta kolektiboak biltzen dira, barruan daukaten zaletasuna praktikan ipintzeko eta horretaz gozatzeko. Kasu batzuetan profesionalak dira, gehienetan aldiz, zaleak dira; batzuk teknika zehatzak erabiltzen dituzte, beste batzuk aldiz, borondatea eta gogoak besterik ez. Beraz, mota batean zein bestean antzerkigintzaren inguruan ehunka pertsona mugitzen dira eta norberak ahal duen modua egiten du.
Baina zoritxarrez, herri, auzo eta talde ezberdinetan egiten diren ahalegin guzti horiek sakabanaturik aurkitzen dira, inolako koordinaziorik gabe, hainbat esperientzia, informazio, ideiak eta egitasmoak galtzen direlarik.
Bestetik, instituzioetatik eta estamento ofizialetatik emandako urratsak oso urriak izan dira. Esatebaterako, gaur egun hezkuntza sisteman dramatizazioa agertu agertzen da, egia da, baina errealitateak bestelakoa esaten digu, behin eta berriro, hau da, irakasleria prestatua, testu egokiak, programazio curricularrak, esperientzien trukaketa, eduki eta helbururen zehaztapen mailakatua eta beste hainbat atal bilakatu, bultzatu eta burutu gabe daudela.
Urteak joan urteak etorri, ikastetxe gehienetan daukagun errealitatea hauxe da: antzerkigintza oso leku gutxietan ematen dela, eta gainera ez beti “curriculum” zati bat lez, baizik eta eskolaz kanpoko edota bigarren mailako gaitzat hartuta.
Azken bolada honetan oso aireatua izan da Bilboko Alondigan Goi Mailako Arte Eszenikoen Lizentziatura abian jarriko dela, eta egia esan poztekoa da, nola ez, baina gauza batek ez du bestea kentzen, are gehiago, unibertsitatera joango diren gazte horiek aurretik zenbait teknika, ezagupen, hurbilpen eta gozamen eskuratu beharko lituzkete antzerkiaren mundu honetan (bere zentzu zabalenean).
Bestetik, badira dozenaka herri beraien tailerrak, antzerki eskolak, antzerki taldeak edo dena delakoak antolatuak dituztenak, bertan haur, gazte zein helduek parte hartzen dutelarik. Alegia, Euskal Herrian, antzerkigintzan, gauza asko egin dira, egiten ari dira, baina oraindik askoz gehiago egiteke daude. Hala ere, gabeziak oso nabariak dira; kasu batzuetan gauzak egiteko gogoak dauden arren, batzuk ez dakitelako nondik jo eta zer nolako urratsak eman behar dituzten; eta beste batzuetan, mundu honetan ibiltzen garenok ez dugulako ardura hartu ekimen bateratu bat bultzatzeko, norbera bera kabuz ibiliz eta funtzionatuz. Horregatik, Antzerkizale elkartetik eragozpen hauei aurre egin nahi diegu: indarrak batuz, ikasleei irakatsiz, irakasle eta monitoreak formatuz, programazioak landuz,, etab.. Ildo honetatik jarraiki, titulazio baten beharra ikusten dugu, hain zuzen, oinarrizko mailetan jardungo duen jendeak eskuratu ahal dezan. Titulazio honen atzean irakasle horientzako lanabes eta tresna egokiak ziurtatuko dira, egitasmo ezberdinak burutu ahal izateko.
Beraz, indarrak batzeko garaia da euskal antzerkigintza bere osotasunean eta arlo ezberdinetan dagokion lekura hel dadin.
EZAUGARRIAK -Zaletasuna: Elkarte honetako eremua oso zabala da, bertan, funtzio ezberdinak burutuko direlako, betiere, ideia baten inguruan mugituz, hau da, antzerkiarekiko zaletasuna. Beraz, jende esperientziaduna, esperientziagabekoa, haurrak, helduak, profesionalak (aktoreak, zuzendariak, antzerki irakasleak, eszenografoak,…), amateurrak edota inoiz antzerkia egin ez duena baina antzerkia gustukoa duena. Izan ere, antzerkizaletasuna bultzatzeak motibazioa lantzea esan nahi du, edonongo lehiakortasunetik urrunduz Euskara hizkuntza ardatza: inguruan ditugun hizkuntza zein kultur ezberdinak kontuan harturik eta begirunez begiratuta, Euskal Herri osorako hedatu nahi dugun egitasmo hezitzaile eta kultural honek euskararen herria eta bere berezko hizkuntza ardatzat hartzen du. Zentzu honetan, egin beharreko ahalegina handiagoa izango bada ere (euskarazko testu ezagatik, euskarazko ekoizpen mugatuagatik, eta abarrengatik), gure erronka eta talde honen sorrera, hain zuzen, testu inguru honetan kokatu behar dugu, alegia, ez dagoena sortu eta dagoen apurra zaindu eta bultzatu. |
HELBURUAK - Helburu artistiko eta pedagogikoak: txanpon bereko bi aldeak dira; izan ere, arlo dramatizatzailean urrats sendoak ematearekin batera, zenbait kontzeptu sortzen lagunduko dugu, era berean, beraiek barruan daukaten atera dezaten eta taula gainean interpreta dezaten. - Elkargune aktiboa: mundu honetan gabiltzanok jauzi bat eman behar dugu, norberaren esperientzia, jakituria, ideiak eta proposamenak kolektiboki konpartitu ditzagun. Horregatik, denok elkar ezagutu behar du eta norberak bere esparrutik egiten duena besteekin trukatu, azken finean guztion onerako izango baita. Horretarako, materialak, baliabideak, ideiak, zirkuitoak, etab, sendotu eta bultzatu beharrean gaude. Halaber, Antzerkizale elkartean pertsonak gaudenez, gure helburu inportanteenetariko bat norbera hezi edo formatzea izango litzateke, aurrerantzean lortu nahi ditugun era eraginkorrean egin ahal izan dezagun. |

No hay comentarios:
Publicar un comentario