2008/08/24

Antzerkia, hezkuntza baliabide egokia

Anterkia, hezkuntza baliabide egokia izan daitekelakoaren usteak anitzak dira eta ondoren agertzen den artikulua David Barberok idatzi zuen Argian 2002-10-06:

Hezkuntza prozesu ezberdinetan irakasleek erabili dezaketen baliabide bat dugu antzerkia, oso eraginkorra izaten baita batez ere formazioko lehen urteetan. Baina bereziki interesgarria dena antzerkia hezkuntza berezian lantzea da, hau da, urritasunen bat duten umeekin lantzea.

Besteak beste, ondorio hauetara iritsi dira Donostian Euskal Unibertsitateak gai honen inguruan antolatutako udako ikastaroan, Europako, Latinoamerikako eta baita Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako adituen partehartzearekin antolatutako ikastaroan, alegia.
Hasieratik argi geratu zen ez zirela mintzo eskolako jaialdietan edota beraien edo besteen seme-alaben abilezia ikusteko Gurasoen Elkarteek babesturik antzezten diren haur antzerki emanaldi tipikoetaz.
Umeen garapen pertsonalarekiko antzerkiaren ekarpen nagusia, edo orokorrean arte eszenikoena, talde joko batean parte hartzeko gaitasunak lantzean datza, norbere irudimena garatu eta inprobisazioaren bitartez mundu propioak sortzean, alegia.

HELBURUA ez da izaten umeek eta gazteek antzezlan klasiko edo garaikide batean beraiek antzeztu behar dituzten pertsonaiei dagozkien testua buruz ikastea. Aitzitik, ume eta gazte horiek pertsonaia baten karakterizazioan euren sormen gaitasuna garatzea, sentimenduak adieraztea, beste kideekiko harremana lantzea eta eurek sortu behar duten istorio bat komunikatzea izaten da xedea.

Gaitasun pertsonal hauen garapena primeran lantzen da joko dramatikoaren bidez, nagusien zuzendaritzapean, baina beraiek askatasun osoz gauzatua azken finean.
Era honetan, umeek ikastetxeetan ez dituzte formula kimikoak eta arau matematikoak bakarrik ikasiko. Ez dituzte errege godoen edo aditz irregularren zerrendak bakarrik buruz ikasiko. Ez dituzte adimenari dagozkion gaitasunak soilik eskuratuko. Euren emozioak azalarazteko eta zentzu guztien bidez gauzak aditzera emateko gaitasunak ere jorratu ahal izango dituzte.
Barne gaitasun hauen garapenaz gain, joko dramatikoaren bidez umeek euren ahotsaren adierazkortasun ahalmena eta pertsonen arteko komunikazio zeinu ororen erabilera ere lantzen dute.
Era berean, joko dramatikoak irudien erabileraren hobekuntzan, hauen atzemate prozesuan eta komunikaziorako tresna gisaren erabileran laguntzen du.
Antzerkiak umeei eskaini diezazkiekeen beste ekarpen bat, artearen, espresioaren eta adierazpen eta komunikazio artistikoaren mundurako ateak ere zabaltzea da. Arte eszenikoek txiki-txikitatik iratzar baitezakete gaitasun artistikoa, edertasunaren bilaketa, balore estetikoen ulermena eta gizakien arteko komunikazioa.

ARE GEHIAGO, beraien bizitzaren hasieratik beste aktoreen antzezpenak ikustearen plazerra edota istorio bat kontatu edo aurkezteko gaitasuna garatu dezakete.

Ekarpen hauek guztiak oso garrantzitsuak izanik, ikastaroaren baitan ikusitako eragin ikusgarrienak, aipagarrienak, emozionanteenak edo inpresio handiena sortutakoak urritasun fisiko zein mentalak dituzten umeekiko arte eszenikoen ekarpenak izan ziren.
Maiz urritasun hauek gainditzea euren sentimendu eta emozioak azaleratzeko baliabideen erabileran datza, eta era horretan bilakaerak izugarriak izaten dira.
Berriz ere eszenatokien gaineko antzerkiaren krisiaz hitz egiten den une honetan, antzerkiak erabilera itxaropentsu bat aurki dezake ikasgeletan

David Barbero, kazetari eta antzerkigilea

No hay comentarios: